miércoles, 29 de diciembre de 2010

Getxoko hamaika eragile eta herritar: "Amnistiaren bidean euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe!"

Gaur hemen bildu gara Getxoko kirolari, euskaltzale, bertsolari, mendizale, txalapartari, Gazte Asanbladako kide eta herritarrak orokorrean, 2010eko azken ostiraleko mobilizaziorako deialdi berezia egiteko. Datorren abenduaren 31n arratsaldeko zortzietan Telletxe plazan egingo den elkarretaratzearekin bat egitea eskatzen dizuegu Getxoko auzokide guztioi. Horretarako 22 arrazoi ditugu herri honetan. 22 dira Frantziako zein Espainiako espetxeetan gatibu dauden getxoztarrak: futbolariak, irakasleak, bertsolariak, aita, arraunlariak, semeak, surflaria... bizilagunak. Herriaren zati diren 22 lagun hauek eta euren senide eta lagunek espetxe politika bidebakoaren ondorioak pairatzen dituzte egunero: etxetik milaka kilometrora egotea, osasun baldintza txarrak, hurbilekoak ikusteko debekua, ikasteko trabak, tortura, eta abar. Argazkian, abenduaren 17an egin zuten agerraldia (mp3) Algortan.

Hona adibideak:

- Anjel Figeroa. Etxean preso, gaixotasun larria duen arren.
- Jon Rosales, Gabi Basañez eta Imanol eta Iker Beristain. Epaiketa izan barik espetxean.
- Gorka Garcia Sertutxa. Epaiaren 3/4ak beteta kartzela-zuloan.
- Iker Beristain. 25 eguneko gose greba egin behar izan du bere alaba ikusi ahal izateko.
- Urtzi Paul Larrea. Itxialdiak egiten dago momentu honetan, isolamendu moduluan sartu baitute.

Puntu horietan guztietan eskubideei buruz hitz egiten ari gara, edozein presok Estatu Espainol eta Frantsesean bermatuak dituen eskubideak dira. Zergatik gure 22 lagun hauek ez dituzte? Zergatik 750 euskal preso politikoek ezta ere?

Prozesu demokratikoan murgilduta, aldaketaren bidean. ETAk su etena iragarri du eta Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea eta beste zenbait eragile politikok konponbiderako proposamena jarri dute mahai gainean. Herriak bidea eraikitzeko nahia erakutsi du. Baina Espainia eta Frantziako Gobernuek ez dute inolako pausurik eman; ez dugu ezelango aldaketarik igarri jarrera errepresiboan.

Auzokideei elkartasuna adierazteko zein espetxe politika bidebakoa salatzeko, urteko azken barikuan Algortako Telletxen egiten den elkarretaratzera hurreratzea eskatu gura dizuegu.

Amnistiaren bidean euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiek jabe!

Sinatzaileak:

- Bilgune Feminista.
- Algortako Gazte Asanblada.
- Txorimalo gaztetxea.
- Bizarra Lepoan euskara elkartea.
- Eztabaida Gunea.
- Ukberri.net agerkari digitala.
- UKTEST.
- Ungari mendi taldea.
- Gorrondatxe kultur elkartea.
- Itsasoruntz.
- Getxoko futbolari, errugbilari, igerilari eta herri-kirolari batzuk.
- Getxoko dantzariak.
- Koska irratia.
- Ezker abertzalea.
- Beste hainbat eragile eta herritar.

martes, 21 de diciembre de 2010

Auto-istripua izan dute Iñaki Gonzalo presoa bisitatzetik zetozen lagun bik


Larunbatean, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko euskal preso politikoa Villanublako espetxean bisitatu eta etxerako bidean zetozela, istripu larria izan zuten Algortako lagun bik Valladoliden bertan, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Lagun biek kolpe ugari hartu zituzten eta autoa desegiteko gelditu da. Ospitalean izan ondoren, lepoko bana jarri dizkiete eta tratamenduan dira minak arintzeko. Dagoeneko biak etxean daude", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Istripua eguerdian gertatu zen, beste auto bat aurreratzeko maniobran frenatu eta kotxeak zibarena egin ostean, irauli eta errepidetik kanpora joan zenean. "Istripua oso fuertea izan zen eta pozik esan ahal dute onik atera zirela", amaitu du Uribe Kostako AAMk. Argazkian, auzotar bat Iñaki Gonzaloren irudia eskuetan.

domingo, 19 de diciembre de 2010

Arkaitz Estiballesek jantzi du Bizkaiko txapela


Arkaitz Estiballes nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Barakaldoko BECeko aretoa 4.200 bertsozalek betetzen zutela, giro ezin hobean ospatu da Bizkaiko bertsolaritzaren festa. Etxahun Lekuerekin batera heldu da buruz-burukora Estiballes eta 947 punturekin suertatu da irabazle. Berak osatu du finaleko bertsorik borobilena, 52 puntuz: bakarka, gaia emanda, doinu eta neurri librean botatakoa, alegia. Aita Luis Baraiazarrak jantzi dio txapela eta, gakakoztarrak, Ondarroari eskaini dio aurretik jasotako aginte makila, “intsumisioari baketsu lotutako herria” izateagatik. Bitartean, Jone Uria Albizuri seigarren egin du, 483 puntu erdietsiz. Alcalan preso daukaten bere herrikide eta bertso eskolako lagun Gabi Basañezi aurten Algortako Olentzero izatea opatu dio Uriak. Fredi Payari, berriz, emandako aholkuak eskertu dizkio. Argazkian, gainontzeko finalistak txapeldunarekin batera oholtzan.

Honela geratu da azken sailkapena:

1. Arkaitz Estiballes: 947 puntu.
2. Etxahun Lekue: 889,5 puntu.
3. Miren Amuriza: 498 puntu.
4. Onintza Enbeita: 493,5 puntu.
5. Beñat Ugartetxea: 492,5 puntu.
6. Jone Uria Albizuri: 483 puntu.
7. Peio Ormazabal: 445 puntu.
8. Eneko Abasolo "Abarkas": 438,5 puntu.

jueves, 16 de diciembre de 2010

KAE1 Ligako Gipuzkoako traineru onenaren saria jaso du Donostiarrak


Joan den denboraldian KAE1 Ligako Gipuzkoako trainerurik onena izan zen Donostiarra.
Hori dela eta, Gipuzkoako Arraun Federazioak Donostiarra-Kaiarriba Arraun Elkarteari bere lana saritzeko bandera bat eman dio. Atzo jaso zuten bandera arduradunek, Anoetako Kirol Etxean. Zerbait sinbolikoa izan arren, Elkarteak pasa den denboraldian egindako lanaren saria dela azpimarratu du. Gainera, arraunlariei denboraldi berriari begira indarra emango diela uste dute.

Argalaren murala ezabatu dute Grosen




Atzo ezabatu zuten murala udal langileek, Kortxoenea Gaztetxean aurkitzen zen.
Atzo, Abenduak 14, udal langileek Groseko Kortxoenea gaztetxean zegoen
Argalaren murala ezabatu zuten.

Ez da horrelako eraso bat jasaten dugun aurreneko aldia. Pasa den astean
ondoan zegoen Lucio Urtubia anarkista ezagunaren murala apurtu zuten
gauez, nahiz eta eraso hori uniformedun inkontrolatek egin zuten susmo
argiak ditugun, ez baitira arraroak gauetan egiten dizkiguten bixitak.

Baina azken gertakari hau bereziki larria da, hasteko udal langileak
direlako ezabaketa egin dutenak, ezabatu duten murala pareta "pribatu"
batean zegoen, eta hori ez da udal langileen konpetentzia. Jarraitzeko,
biktimak hitza guztien ahotan dagoen garai hauetan, BVE-ek eraildako
pertsona baten murala da ezabatu dutena. Beti bezela Euskal Herriak bizi
duen gatazka honetan "biktimak" soilik alde batetakoak dira.

Argi utzi nahi dugu alperrik dabiltzala beraien mezu ofizialetik dagoen
oro ezkutatu nahiean, ezabatzen diguten mural bakoitzaren gainean beste
bat egingo dugulako. Komunikabideek erakusten diguten “egi” ofizialaz
gain, ezkutatu nahi duten beste errealitate bat ere badela erakutsiko
dugu. Jai daukate gure memoria kolektiboa ezabatu nahiean, oso ondo
ezagutzen baitugu herri txiki honen historia, eta ez dugu sekula ahaztuko,
gatazka honetan alde guztietan izan direla hildakoak, baita historia
ofiziala idatzi ez dutenen aldean ere.

martes, 14 de diciembre de 2010

Euskal preso politikoek eta hauen senideek elkartasun keinua jaso dute Irlandatik




"Zuekin gaude" dioen pankartaren atzean batu dira Irlandako Doire konterriko Machaire Rátha-ko hainbat gaeliko irakasle, laguntzaile eta gurasoak.
Iralandako Doire konterriko Machaire Rátha-ko hainbat gaeliko irakasle, laguntzaile eta gurasoek manifestaldira joateko deia egin eta "zuekin gaudela" esan diete euskal preso politikoei eta euren senideei

KAEk 2011ko estropadetan traineru bakoitzean harrobiko arraunlari bana sartzeko neurria onartu du



Neurri hau, denbora aurrera doan arabera, handituz joango da, horrela 2012 denboraldian harrobiko 2 arraunlari ontziratu beharko dira, eta lau 2013an
Harrobiko arraunlaria nor den jakiteko, hauek dira batzarrean erabilitako irizpideak: elkarte horretan arraunean hastea edo bertako beheko mailetan gutxienez hiru urteetan ibili izatea. KAE 1eko azken sailkatua zuzenean KAE 2ra jaistea ere erabaki dute. Hauek dira, Camargon ospatutako bilkuran hartu diren neurrietako batzuk. Beste neurri bat KAE 1ean zegoen lurraldetasun kupoa bertan behera uztea izan da. KAE 1era igotzeko play off-ean talde horretako azken aurrekoak eta KAE 2ko bigarrenak eta hirugarrenak lehiatu beharko dira. Estropada egutegia martxoan onartzea ere, erabaki zuten batzarrean.

sábado, 11 de diciembre de 2010

OKUPAZIO EGUNA txorimalo gaztetxean!


1.OKUPAZIO EGUNA abenduak 11an.
10:30 aurrera graffiti erakusketa Txorimalo Gaztetxeko fatxadan. Geroago 12:30tan inguru 5.urteurreneko argazki erraldoia burutuko da, denok gonbidatuta zaudete argazkian parte hartzeko urteurreneko kartela egiteko. Ondoren 15:00tan bazkaria egingo da Txorimalon eta bukatzeko 20:00tan Kontzertuak Kuenta Atras, Disorders eta DJ-te kiero komo amigo taldeekin 4€ren truke. ANIMATU ETA GOZATU GAZTETXEA!! GORA OKUPAZIO MUGIMENDUA !!

viernes, 10 de diciembre de 2010

Torturari buruz hitz egiten duen ipuin bat

Ipuinak lehen saria irabazi du udalak antolatu duen ipuin lehiaketan
ZUZEU

Egunotan Durango kulturaren hiriburua bilakatu da. Badirudi denetarik aurki daitekeela bertan eta zentsura hitzak ez duela esanahi berezirik. Baina herri horretan bertan udalak zentsura erabili berri du tortura kasu batean oinarritutako ipuin bat zentsuratzeko. Eta hori eurek antolaturiko lehiaketa irabazlea zela!

Azaroaren 25a, “Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna”. Durangoko udalak lehiaketa antolatu zuen eta Alainek Anais eibartarraren tortura testigantzetan oinarritutako ipuina aurkeztu zuen. Baita irabazi ere. Baina badirudi orain Durangoko Udalak ez duela ipuina argitaratuko, ezta argitaratzen utziko ere: eskubideak orain eurenak baitira.

Egileak, baina, saretik zabaldu du bere ipuina, eta nahi oro zabaltzeko deia luzatu du. Beraz, hemen doa ipuina:

Ane epailearen aurrean dago, bere gorputzean jasandakoa, bere arimaren mina hitzez kontatzen saiatzen da, baina hitzak eztarrira heltzen direnerako itzali egiten zaizkio, ez dute indar nahikorik ahotik irten eta errealitatea urratzeko. Nondik hasi, gainera. Hasieratik. Zer izan zen hasiera? Irainak (puta, puta, puta, puta), mehatxuak (ez zara bizirik irtengo). Bizirik dago bai, baina momentu batzutan nahiago luke hala izango ez balitz. Begiak itxi ditu, horrela gogoratzeak min gutxiago egingo balio bezala.

Lurrean dago, gerritik gora biluzik, eta itzalak ikusten ditu inguruan, ez daki bat ala gehiago diren, itzalak baino ez. Belarrian oihuak entzuten ditu, baina ez du ulertzen diotena, oihuak baino ez dira. Eta titietan hotza igartzen du, min handia egiten duen hotza, eskuekin estaltzen saiatzen da, bero bila, baina indar handiz eskuak bere lekutik kentzen dizkio itzalak, hotza barreneraino sartuz.

Bapatean, itzalak eta oihuak desagertu egin dira, lurretik arrastaka gelaren izkina batera heldu da, eta bertan gelditu da, eskuekin gorputzari, gorpu sentitzen duen gorputzari, berotasuna emanez.

Begiak zabaldu eta epailearen asper aurpegia ikusi du, bazkaltzera joateko gogoa duela ematen du. Begirada hori ikusita, berriz ere, hitzak eztarrian trabatzen hasi zaizkio, baina arnasa eta indarra hartuz aurrera jarraitu du.

Itzalak itzuli dira, gorputzak hartu duen berotasun apurrari esker oihuak ulertzen hasi da. Puta, barreak, vas a ver. Gorputza zerbaitekin lotuta du, harrapatuta dago, ezin da mugitu. Gelaren alde batetik bestera doa, trapu zahar bat bezala, bultzada batek zerbaiten kontra eraman du eta bere gainean geratu da. Orduan zerua etorri zaio gainera, pisu handia du eta ezin da mugitu, oraindik hitzen bat edo beste ulertzen du, puta, puta, puta. Itotzen ari da, bere indar guztiekin gainean duena botatzen saiatzen da, baina ez du ezer lortzen, ezin da mugitu. Gainean duena, bere kabuz mugitzen da, bapatean, eta arnasa hartzea lortzen du. Jada oihuak ez ditu ulertzen. Arnasa beste behin hartzera doanean, ezin du. Arnasa moztu diote, airea kendu, non dago, hil egin ote da? Iluntasuna ikusten du bere inguruan, besterik ez, oihuak gero ta urrutiago doaz. Lehengusua korrika agertu da eskatzean, elurra, elurra! Denak mugitu dira leihorantz, pozik, ikusi ez arren Anek irribarreak somatzen ditu aurpegietan, bera ere pozik dago eta urduri! Lehengusu nagusiek abentura zoragarriak kontatzen dituzte elur egunei buruz, berak oraindik ezin izan ditu bizi, txikiegia zelako, baina aurten bai, aurten bera ere elurretan irristatuko da! Aitak sutondoan duen aulkitxotik (aititek bere neurrira egindako aulkitxotik) altxatu eta leihora eraman du Ane, handik sekulako elur maluta handienak ikusi ditu.

Ordurako beste guztiak janzten ari dira: Eskularru, bufanda eta txapelak airean dabiltza umeen artean, amama botak banatzen saiatzen da, hauek zuretzat, beste hauek txikiagoak dira eta zuretzat… Aneri ere ekarri dizkio batzuk, galtza potolo-potoloekin batera.

Ven aquí, puta! Zer da hau? Non dago? Begiak zabaldu eta lehengo gela hotza ikusi du, hau omen errealitatea, behin eta berriro gainera datorkiona. Arrastaka daramate, bera ez baita gai bere gorputza mugitzeko ere. Aulki baten gainean jarri, eta iletik tiraka burua txontxongilo bat lez alde batera eta bestera mugitzen dioten bitartean, oihuak heltzen zaizkio belarrira: Con quién! Puta! Ulertzea lortzen du, laster oihuak baino ez, zer esaten duten ez dakien oihuak, alde batetik bestera darabilen itzaletik irtetzen diren oihuak. Indarrez burua altxatu dio eta begiak ireki orduko zerbaitek iluntasuna ekarri du, begiak irekitzen ditu indarrez baina ezin du ezer ikusi, oihuak entzuten ditu baina ez du ezer ikusten, iluntasun horretan airerik ere ez dago, arnasa hartzen saiatzen da, baina ezin du, indar handiagoz hartzen saiatzen da eta aurrekoan baino gutxiago hartzen du, arnasa bukatzen ari zaiola sentitzen du, oihuak gero eta ozenagoak dira, itotzen ari da, berriro arnasa hartzen saiatzen da eta airearen ordez beste zerbait etortzen zaio ahora, arnasa guztiz eteten dion zerbait. Oihuek jarraitzen dute, lehen baino bortitzago, baina berak jada urrun entzuten ditu, gero eta urrunago…

Amama galtza potoloak sutondoan jartzen ari da, bitartean aitak erropa geruza bat bestearen gainean jartzen dio, besoak gora eta behera soilik mugitu ahal dituen arte. Sutondoko galtzak, lehengusuren batek duela bost urte ondo zituen katiuskak, eta badoa elurretara beste guztien atzetik. Ume guztiak aldapan behera irristaka ikusten ditu, bakoitza zerbaiten gainean, abiapuntura korrika igotzen diren bitartean elurrezko bolak botatzen dizkiote momentu horretan irristaka beheruntz doanari. Anek ere irristaka joan nahi du, baina momentua heltzen denean beldurra ematen dio eta geldi geratzen da. Orduan aitak bere hanken gainean eseri, besoekin inguratu eta elurraren gainean hegaz darama! Momentu hori, inoiz inork kontatutakoa baino askoz hobea da. Anek inguruko elur guztia urtzeko besteko berotasuna sentitzen du, kanpoan inoiz sentitu duen hotzik handiena egon arren.

Hotza sentitu du bapatean, gelako izkina berdinean dago, lur hotzaren gainean erdi biluzik. Eseri eta arropekin ahalik eta gehien estaltzen saiatu da, gorputzarekin lurra ahalik eta gutxien ukitzen, besoekin belaunak inguratu ditu, barne barnean sentitzen duen hotza berotu nahian. Gorputza ordea bero-bero du, kolpeek utzitako berotasunez, hala ere bera ez da berotasun hori sentitzeko gai. Malkoak isuritzen hasi da, nahi gabe, konturatu gabe, negar-zotinik gabe eta malko bakoitzarekin gorputzeko kolpe batean berotasuna sentitu du. Astiro astiro gertatzen ari denaz konturatzen hasi da. Malkoak lehortu, arnasa hartu eta bere buruari indarra ematen saiatzen da, ez daki zenbat denbora daraman gela horretan baina berak uste duenaren erdia izanda ere, ezin da denbora asko falta dena bukatzeko. Atea zabaldu eta itzala sartzen da, aurpegia ikusten dio. Arriba, puta! Besotik hartu eta aulkira eramaten du. Oihuak entzuten dira, baina ez dira oroitzen dituenak, emakume batenak dirudite. Kolpe bat sentitu duburuan, ez daki nondik etorri den, eta jarraian zerbaitek argia kendu dio, arnasa hartzen saiatu da, eta oraingoan bai, lortu du, argia bakarrik kendu diote, begiak ixtera behartu. Iluntasunarekin batera oihuak itzuli dira, ezagunak, betikoak.

Galderak egiten dizkiote, eta erantzuten saiatzen den bakoitzean kolpe bat jasotzen du, beti leku desberdinetik, beti espero ez duen lekutik. Oihuak gero eta gehiago, gero eta ozenagoak dira, gero eta galdera gehiago, gero eta gutxiago ulertzen du. Azken kolpeak lurrera bota du, ezin du gehiago, bertan gelditu nahi luke, dagoen bezala, ahoa lur hotzaren kontra. Oihuak isildu egin dira, iluntasuna isilik gelditu da.

Epailearen begirada zorrotza sentitu du, begiak altxatu eta hor dago bai, burua eskuen gainean duela, irribarrea ahoan. Algo más? Aneri goragalea sartu zaio, ezin du aurrera jarraitu, ezin du berriro gogoratu. Ahaztu egin nahi luke, bere gorputzean ez dela gertatu sinistu eta bere oroitzapenetatik ezabatzea, batez ere, bere oroitzapenetatik ezabatzea. Dardara batek gorputza zeharkatzen dio eta amorrua sentitzen du, amorruz irtetzen dira hurrengo hitzak bere ahotik.

Atearen soinua entzun eta argia itzultzen da bere begietara, itzalak ditu inguruan, alde guztietaik daude. Levántate, arriba! Aginduak ematen dizkiote, bata bestearen atzean, besoak goian izatera derrigortzen dute, titiak ukitzen dizkioten bitartean, eskuekin tititetako mina kentzen saiatzen da, eta orduan min handiagoa sortzen diote. Begiak itxi eta bere titiak defendatzeari uko egiten dio. Inoiz ezagutu duen hotzik ziztagarriena sartu zaio barrura, itzalak desagertzean ere gainetik kenduko ez duena.

Itzalak joan orduko itzultzen dira, behin eta berriro. Badaki zer nahi duten, beti antzekoa, erropa kendu, oihuak, kolpeak, galderak, titietako hotza, eta lurra.

Beste batzutan baino oihu gehiago entzuten dira atea irekitzerakoan, ezer esan gabe lurretik arrastaka eraman eta arropa guztiak kendu dizkiote, lurrean, galderarik ez, oihuak soilik, puta, puta, puta. Hotza sentitu du gorputz guztian zehar, denean dabiltza, min ematen diote. Indar handi batek hankak zabaldu dizkio, gorputzean zehar zebiltzan mugimenduak desagertu egin dira, bakarra agertu da, besteak baino hotzagoa, hankartean. Bere indar guztiekin mugitzen da, gorputza libratzen saiatzen da, baina orduan indar handiagoz datorkio mina hankartera, hotz handiagoz.

Lehengusuen atzetik doa korrika, eta pauso bakoitzean elur zati bat sartzen zaio katiusketan, baina berdin da, elurra ez da bere gorputza hozteko gai. Jada bakar-bakarrik doa aldapa behera, irristaka. Gero eta aldapa handiagoetara doaz, gero eta kilima handiagoak sentitzen ditu sabelean. Aurkitu duten azken aldapan doa irristaka, gero eta abiadura handiagoan, bapatean beldurra sentitzen du, gelditzen saiatzen da, baina ezin du, horren ordez, bueltaka hasten da, abiadura berdinean, konturatu orduko taketa jo eta ahoa elurrez bete zaio. Momentu horretan arropan sartuta duen elur guztia batera sentitu du. Eta negarrez hasi da. Aitak besoetan hartu, elur guztia kendu eta etxera darama. Arropa bustia erantzi, sutondoan berotutakoa jantzi, zauriak sendatu eta besoetan hartu du, suari begira. Bero handia setitzen du, batez ere masailetan, malkoak egon diren tokian. Txokolate beroaren usaina heldu zaio lo hartu aurretik.

Levántate, ponte toda la ropa! Vamos donde el juez!

jueves, 9 de diciembre de 2010

Aupa Imanol! 2010-10-22 atxilotuta izan zen...

Imanol Beristain ez zen ostiralean ikastolara etorri

Ez zen ostiralean ikastolara etorri. Atzo ere ez.

Egun berezi samarra izan zen ostirala gure seme-alabentzat. Maisua falta zen Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasgela bietarik batean. Han eta hemen ibili omen ziren gainerako irakasle eta langileak, berriak izan nahian. Denak zain, denak adi. Txikiak bereziki, airean zebiltzan zantzuak irakurri nahian.

Gure txikiei Imanol atxilotu zutela esan zietenerako, arratsaldea zen. Ordurako askok ba omen zekiten. Susmatu-edo egingo zuten. Auskalo. Negar egin zutela esan zidan gureak. Ikasgelako ume guztiek, hiruk izan ezik. Berak ezetz, ez zuela negar egin, eutsi egin ziola, baina tristatu zela, asko tristatu ere.

Ondoren ikusi zuten gure seme-alabek Imanol atxilo, eskuburdinez eskuak loturik, begiak baino erakusten ez zituzten txano beltzeko batzuek bazeramatela. Gaztelaniaren nondik norakoak erakusten dizkien hori, soinketako motxilan txankletak eta eskupainua sartu ezean, errieta egiten diena. Badaramate.

Eta larunbat goizean, txintxo izan genuen txikia etxean, inork ezer esan gabe, gaztelaniako etxeko lanak egiten. Protestaka ibiltzen da bera ba, Imanolek etxeko lan asko eta asko eskatzen dizkiela eta. Larunbat goizean, berriz, protestarik ez, la-caja, el-pájaro-blanco segiden aurrean. «Imanolek agindutako lana da», esan zigun lan koadernoa erakutsiaz. Noiz zuzenduko ote du?

Bihar ere ez da ikastolara etorriko. Etzi, etzidamu, ez dakigu. Baiezkoan gaudenik ere ezin esan. Batek badaki. Haurra ere izango du laster. Bi aste barru edo.

Gure seme-alabek eta jaiotzear dagoen haurtxoak beste Euskal Herri bat merezi dute, ostiralaz geroztik ezagutu dutena ez bezalakoa. Lan koadernoa zabaldu, eta behingoz etxeko lanak egin ditzaten zorigaiztoko Euskal Herri honen geroa idatz dezaketenak.

Beatriz Fernandez.
Imanol Beristain San Nikolas ikastolako maisuaren ikasle baten ama.

Maialen Arrazola:"Mutilen distantzia bera egin beharko genuke eta ez erdia"

Maialen Arrazola

Joan den astean, Irutxuloko Hitzak Maialen Arrazola arraunlari donostiarra elkarrizketatu zuen. Hona hemen elkarrizketaren laburpen txiki bat.

Maialen Arrazolak, Teresa Mas de Xaxarsekin Espainiako scull bikoitza osatzen du. Orain dela gutxi, Zeelanda Berrian absolutu mailako Munduko Txapelketa jokatu du, eta bertan hamabi lehenengoen artean geratzea lortu dute. Maialen beti ibili izan da aulki mugikorrean, baina Hondarribian bateletan eta traineruan ere ibili izan da. Emakumezkoen lehenengo Kontxan ere arraunean aritu zen. Azken urteetan emakumezkoen traineruei emandako bultzadari dagokionez, batetik ongi iruditzen zaio, baina bestetik etxea teilatutik egiten hasi direla iruditzen zaio. Beheko mailetatik hasi behar dela uste du, arraunlari gehiago eta lehia handiagoa egoteko. Gainera, mutilen distantzia bera egin beharko luketela uste du eta ez erdia. Aulki mugikorrean, esaterako, mutilen ibilbide bera egiten dute.